euskadicuba.org
 
indice e-c
 
 
 
 
 
 
 
2050
emakumeak
NOTICIAS
konpai
news
materiales
tas tas
escritos

 


Zona para socios/as
Bazkideentzako gunea

 
 

BILBAO
Prim 43
48006 Bilbao
telf.: 94 415 11 07
e-mail

VITORIA - GASTEIZ
Casa de Asoc. Simone de Beauvoir. San Ignacio de Loyola 8, 3º - oficina 4

01001 Vitoria - Gasteiz
telf.: 945 24 49 86

e-mail

 
 
  7 / 7 / 2011  
Noticias de Euskadi-Cuba / Euskadi-Cubako berriak

Euskadi-Cuba, Argia aldizkarian: "Garapen jasangarria sozialismoaren bidetik bakarrik da posible"

 

Euskadi-Cuba elkarteko komunikabideen arduraduna da Jose Manzaneda. Joan den astean Kubako ekonomiaren zenbait alderdiz mintzatu zen, EHUren Udako Ikastaroen barruan, Bilbon antolatutako Irudiak deshazkunderako/Telebista, internet, zinea mintegiaren karietara. Hitzaldia eman baino egun batzuk lehenago eskaini zigun elkarrizketa hau.

Unai Brea - Argia.- La experiencia decrecentista cubana y el buen vivir (Kubako deshazkunde saioa eta bizimodu ona), horra emango duzun hitzaldiaren izenburua.

Izenburu hori ez dugu guk erabaki, eta nire ustez ez da oso zuzena. Hemen darabilgun deshazkunde kontzeptua ez da batere erabiltzen Kuban. Han badira, gaur egun, bide hori urratzen duten zenbait saiakera, baina nik, deshazkundeaz baino, garapen iraunkor kontzeptu klasikoaz hitz egingo nuke. Hau da, garapen ekonomikoa garapen sozialarekin lotua, eta ingurumenaren ikuspegitik orekatua. Izan ere, Kubak hazkundea behar du, nire ustez begien bistakoa da hori. Herrialdearen egitura ekonomikoa ahula da eta ez ditu nahi bezala asetzen herritarren helburuak. Hortaz, hazkundea behar dute, hazkunde orekatua. Xede hori, une honetan, bete-betean dago txertatuta euren estrategian.

Hitz egin dezagun garapen jasangarriaz, orduan.

Gai honi dagokionez, txosten bi aipatu behar dira. Horietako bat Kaliforniako Global Footprint Network ikerketa-zentroak egin zuen 2008an; konparatu egin zituzten ia 100 estaturen lorratz ekologikoa eta Giza Garapenaren Indizea (GGI). Herrialde guztien emaitzak aztertu eta hara, GGI ona daukatenen artean Kuba da ingurumenaren aldetik jasangarria den bakarra. Giza garapen maila altua erdiesten du Nazio Batuen Erakundearen estandarren arabera; hezkuntza maila ona edo oso ona dauka Hirugarren Munduko lurraldeen testuinguruan; osasungintza, alfabetizazio... maila onak ditu. Eta aldi berean, energia gutxi xahutzen du. Beste adibidea nazioarteko WWF fundazioak emana da: 2009ko txostenean esan zuten Kuba dela munduko herrialde jasangarri bakarra.

Datu horiek berez pizten dute ondoko eztabaida: sozialismoa da denok jarraitu beharko genukeen eredua?

Baietz esango nuke, baina Kubak oso ezaugarri bereziak ditu eta ezin dugu esan hango eredua beste edozein herrialdetan kopiatu behar denik, absurdua litzateke. Halere, kontuan hartzekoa da Kubak lortutako garapen soziala, hain energia gastu txikia eginda, planifikatutako ekonomia baten baitan baino ezin daitekeela lortu. Alde horretatik baietz esango nuke, garapen jasangarrira iristea sozialismoaren bidetik bakarrik dela posible. Kapitalismoak ezinbestean garamatza ingurumenaren kolapsora. Sozialismoak ere eraman gaitzake kolapsora, sozialismoaren eredu batzuek ere baliabideak xahutu ditzakete, baina sozialismoa da aukera bakarra naturarekiko oreka lortzeko. Izan ere, ekonomiaren planifikazio arrazionaletik abiatuta bakarrik lor daiteke hori. Kapitalismoaren berezko joera guztiz bestelakoa da.

Alabaina, seguruenik Kubak ez du bere borondatez aukeratu energia gutxi gastatzea.

Herrialdeak 90eko hamarkada hasierako hondamendi ekonomikoa jasan zuenean, alegia, Sobietar Batasunarekin zeuzkan merkataritza hitzarmenak erori zirenean, kubatar jendarteak, kubatar iraultzak, dena planteatu behar izan zuen berriz. Premia larria zuten, eta horrek behartu zituen eredu jasangarrietara jotzera, aurretik, eta hainbat hamarkadaz, Europa ekialdeko sozialismoak bezain energia xahutzailea izan baitziren, sobietar eredua kopiatzearen ondorioz: nekazaritza industriala, mekanizatua, ongarri kimiko askorekin... Egoera aldatzean hainbat irakaspen atera zuten. Ezin zituzten baliabideak alferrik erabili, ez beraiek hala aukeratuta, baliabiderik ez zeukatelako baizik. Baina aldi berean, iraultzan, administrazioan, nekazari taldeetan... iritzi taldeak sortu ziren, prozesu hori ikuspuntu filosofikoagotik bultzatzen hasi zirenak: kubatar ekoizpen-eredua jasangarriago bihurtu behar zela pentsatzen hasi ziren.

Kubak hazkundea behar duela esan duzu. Zelan gauzatu hori?

Ekoizpena handitu behar dute bai industrian bai nekazaritzan. Garapen jasangarria bilatu nahi dute, eta horren barruan, gaur egun, funtsezko kontzeptua da elikadura-subiranotasuna. Kuba apenas den burujabea elikadurari dagokionez. Jaten dutenaren %70 inportatzen dute, baina landu gabeko milaka hektarea daukate. Une honetan, iraultza moduko bat gertatzen ari da nekazaritzan; herritarrei esan zaie hasi behar dutela elikagaiak ekoizten, edonon.

Baita hiri barruetan ere, ezta?

Bai, hiri barruetan jakiak ekoizten ari dira [ikus Argiaren 2.229. zenbakiko Net Hurbil atala], eta aldi berean saiatzen ari dira jende asko landara itzuli dadin, oraingo egoera iraultzeko. Eta oraingo egoera da landatzeko moduko lurra eduki arren Kubak milaka eta milaka dolar gastatu behar dituela –turismotik lortzen dituenak, edo zerbitzu medikuak esportatuz– janaria erosteko. Milaka lagun ari dira landara itzultzen zenbait pizgarriren truke, estatua lur sailak ematen ari zaio jende askori musu-truk landu ditzaten, eta abar.

Zer moduzkoa da herritarren erantzuna?

Hara, honek guztiak kontraesana sortzen du iraultzaren garaipen historikoetako batekin, alegia, lortutako kultur mailarekin. Landa-eremuko gazte askok ikasi dute unibertsitatean, eta haien asmoa ez zen landara bueltatzea. Orain hala egiteko eskatzen zaie, idiekin eta goldeekin lurra lantzeko, traktore nahikorik ere ez dago eta.

Oztopo bat izan daiteke Kubako sozialismoak duen gaitz historikoetako bat: langileen atxikimendu eskasa lanarekiko.

Oro har, sozialismoak gainditzeke dituen erronketako bat da hori: nola uztartu estatuaren enpresa batean lan egitea eta herrialdea, komunitatea, zerbitzatzearen kontzeptua. Sozialismoa eraikitzen saiatu den herrialde bakar batek ere ez du dilema hori konpondu. Ondorioz, kubatar langileen produktibitatea oso txikia da.

Funtzionario bihurtzen dira, nolabait esatearren?

Bai. Momentu honetan, Alderdi Komunistaren Biltzarrean, horixe dute eztabaidagai nagusietakoa: nola lortu 50 urte eta gero herritarrek propietate kolektiboaren sentipena edukitzea, ez dezaten sentitu estatua ez dela beraiena, beste batentzat lanean ari direla eta horregatik ahalik eta lan gutxien egingo dutela. Estrategiak garatzen ari dira horri aurre egiteko. Gutxika-gutxika, oraindik lehenbiziko urratsak besterik ez baitituzte egin, ohiko estatuaren propietatetik kooperatiba eredu batera igarotzen ari dira sektore askotan. Sozialismoa birdefinitzen ari dira.

Zenbateraino balio diezagukete guri hango esperientziek?

Batez ere hausnartzeko balio digute, ez hainbeste zuzenean kopiatzeko. Zer ari da gertatzen munduan, eta zer egiten du Kubak nazioarteko korronte nagusien kontra? Horra hausnarrerako gaia. Badira, halaber, hemen aprobetxatzeko moduko adibide zehatzak, hiri barruko nekazaritza esaterako. Han estrategia nazional bihurtu dute hori, eta dagoeneko milaka eta milaka lagunen lanbidea da. Beste kasu batzuetan, autokontsumorako erabiltzen dira hiri barruko soroak, elikaduraren osagarri. Lehen Munduan asko ikas genezake eredu horretaz.

 
 
 
 
AIUR diseinu&diseño