euskadicuba.org
 
indice e-c
 
 
 
 
 
 
 
2050
emakumeak
NOTICIAS
konpai
news
materiales
tas tas
escritos

 


Zona para socios/as
Bazkideentzako gunea

 
 

BILBAO
Prim 43
48006 Bilbao
telf.: 94 415 11 07
e-mail

VITORIA - GASTEIZ
Casa de Asoc. Simone de Beauvoir. San Ignacio de Loyola 8, 3º - oficina 4

01001 Vitoria - Gasteiz
telf.: 945 24 49 86

e-mail

 
 
  7 / 2 / 2012  
Solidaridad con Cuba / Cubarekiko Elkartasuna

Blokeoaren 50 urte: Kubaren duintasunak tinko jarraitzen du

 

"Gauza bera da Kubaren arazo ekonomikoak ikusita, haien ereduak porrot egin duela argudiatzea, eta oinak zementuan sartuta dituen pertsona bat igerileku baten itota aurkitzean, igeri egiten ez zekielako ito zela ondorioztatzea."

Rafael Correa, Ekuadorreko presidentea

1960ko apirilaren 6ko Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuaren agiri ofizial batean honakoa irakur daiteke: "kubatar gehienak Castroren alde daude. (...) Barne babes hori besterentzeko modu bakarra da nahigabeak eta zailtasun ekonomikoek eragindako atsekabeaz eta eta etsipenaz baliatzea (...). Lan ildoetako bat (...) Kubari dirua eta hornigaiak ukatzea da; horrela, soldatak jaitsiko lirateke eta horrek, gosea, etsipena eta gobernua agintetik kentzea ekarriko luke."

Testu horrek laburbiltzen du AEBetako Gobernuak Kuban ezarritako blokeo ekonomiko, komertzial eta finantzarioaren funtsa.  Iraultzaren garaipenetik, 1959ko urtarrilaren 1etik, hainbat zigor ekonomiko ezarri baziren ere, legez 1962ko otsailaren 7tik indarrean dago blokeoa, orain dela berrogeita hamar urte, hain justu.

Nekazal erreformari eta enpresen nazionalizazioari esker, Irlako herritar txirotu askori lurrak, etxeak eta lanpostuak eman zizkieten. Neurri iraultzaile horiek, halaber, enpresa iparamerikar handien interesei kalte handia egin zieten. Menpekotasun neokolonialaren arauen arabera, Kubako ekonomia kontrolatzen zuten enpresei, alegia. Baina beste gobernuek ez bezala, AEBek ez zuten sekula Kubak eskainitako kalte-ordainik onartu eta Iraultzaren aurka gogor egitea hautatu zuten. Bost hamarkadetan, blokeoa izan da Kubaren aurkako gerra politikaren oinarria.

Nazio Batuen Batzar Nagusiak hogeigarren aldiz gaitzetsi zuen blokeoa 2011ko urriaren 25ean: agiriak 186 aldeko boto eta bi kontrako (AEBak eta Israel) izan zituen. Kubako ordezkariek minbizia duten hiru haurren izenean eman zuten proposamena iaz; nerbio-sisteman tumoreak dituzte ume horiek eta ezin dute Temodal izeneko sendagaia hartu patentea AEBarena delako. Kasu hori, blokeoak Kubako herritarrengan duen eraginaren adibideetako bat baino ez da.

 

Kubako Gobernuaren arabera, blokeoak 104.000 milioi dolar baino gehiagoko diru galera eragin du 2010. urtearen amaierara arte. Zenbateko ikaragarria da hori Kuba bezalako herrialde txiro eta baliabide gutxiko batentzat. Kubako herritarrek jasandako gabeziak eta sufrikarioa, ordea, neurtezina da.

Baina, zer da Kubaren aurkako blokeoa, zertan datza? Gogorarazi ditzagun bere ezaugarri batzuk:

Kubako enpresek ezin dute produkturik ezta zerbitzurik ere saldu AEBetan, munduko merkatu handienetako batean, hain justu. Horrez gain, zenbait elikagai eta sendagai salbu, ezin dute herrialde horretan produkturik eta zerbitzurik erosi. Hori dela eta, Kubak urrun dauden merkatuetan egin behar ditu erosketa gehienak eta produktuak garestitu egiten dira.

Salbuespenak salbuespen eta arau oso zorrotzak ezarriz, AEBetako Gobernuak ez die euren herritarrei uzten Kubara bidaiatzea. Debeku hori kenduz gero, bisitari iparamerikarren etorrerak likidezia emango lioke Kubako ekonomiari. Izan ere, AEBetako milioi bat lagun inguruk bisitatuko lukete Irla eta egun, 2,7 milioi bisitari ditu.

Blokeoaren ondorioz, Kubak ezin du dolarra erabili transakzioak egiteko eta kostu erantsia dakar horrek Kubako ekonomiarentzat.

Interneterako konexioari dagokionean, ez da normalizatu Irlan AEBetako blokeoaren ondorioz; enpresa iparamerikarrak dira Irlaren inguruan dauden zuntz optikoko eraztunen jabeak. Horregatik, Kubak satelite bidezko konexio geldoa eta garestia du. AEBetako Gobernuak eta komunikabide handiek, berriz, Interneterako sarbide eskasa izatearen errua Kubari leporatzen diote.

Hedabideen legitimazio estrategiak alde bakarreko blokeo komertziala dela defendatu arren, blokeoa estrategia oso eta konplexua da: lurraldez kanpokotasuna ardatz, jazarpenak, zigorrak eta presioak dira nagusi.

Honako debekuekin, esaterako, agerian geratzen da estrategia hori: bitarteko herrialdeetako enpresek ezin dute azukrea, nikela edo bestelako osagai kubatarrak dituzten produktuak AEBetara esportatu. Hau da, Kubak ezin du munduko ekonomiako merkatu eta sektore estrategikoetara esportatu; bitarteko herrialdeetako enpresek ezin diote Kubari saldu osagaien %10 AEBetakoak dituen produkturik; bitarteko herrialdeetako merkantzia-ontziak ezin dira AEBetan porturatu aurreko sei hilabeteetan Kuban izan badira. Hori horrela, produktuak Irlara garraiatzea garestiagoa da. Eta Kubako enpresen dolarrak gordetzeagatik soilik, Atzerriko Aktiboen Kontrolerako Bulegoak (OFAC) isunak jartzen dizkie urtero-urtero bitarteko herrialdeetako banketxeei.

 Lurraldez kanpokotasuneko elementu horiez gain, inbertitzaileak izan litezkeenganako debeku, mehatxu eta zigor politikak inbertsioak uxatzen ditu. Baita Kubarekin harremanetan egoteagatik, enpresen "zerrenda beltzak" egoteak ere. Are gehiago, "herrialde arriskua" deritzona areagotzen denez, Kubarentzat garestiagoa da gaiak, pleitak, aseguruak eta maileguak erostea.

Gogorarazi beharra dago Kubak ez duela sekula Nazioarteko Diru Funtsaren edo Munduko Bankuaren mailegurik jaso, AEBek beto eskubidea -edo lehentasuneko botoa- duelako erakunde horietan. Hori horrela, nazioarteko banku pribatuek lukurreriaz mailegatu diote Kubari urteetan.

Baina badira, bereziki zekenak izanagatik, blokeo politika horretan arreta deitzen duten beste neurri batzuk. Batetik, Nazio Batuen erakundeek lankidetzarako duten dirua konfiskatzea. 2011ko urtarrilean jazo zen azkenekoz: Kuban IHESari, tuberkulosari eta malariari aurre egiteko Munduko Funtsak emandako 4,2 milioi bidean atzeman zituen AEBetako Gobernuak. Bestetik, "Cuban Medical Professional Parole" izeneko egitasmoa. Horren helburua da Kubak Hirugarren Munduko 80 herrialdetan ematen duen medikuntza lankidetzarekin amaitzea. Horretarako, herrialde horietan lanean dauden 40.000 medikuak erakartzen eta erosten saiatzen dira.

Blokeoak zailtasun horiek guztiak inposatzen baditu ere, kubatar gizarteak Hego Hemisferioko herrialde gehienentzat amets diren lorpenak eskuratu ditu. Adibidez, Nazio Batuek 2000-2015 eperako ezarritako Milenioaren Garapenerako Helburuak izeneko gehienak aski bete ditu Kubak; 2011ko datuen arabera, haurren heriotza-tasa baxuagoa da Kuban (4,9), blokeatzen duen herrian, AEBetan (7) baino; 2011n ere, UNICEFek berretsi du Kuba dela Latinoamerikako eta Karibeko herrialde bakarra haurren desnutriziorik ez duena. Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundeak (FAO) onartu duenez, Kuba da desnutrizioren aurka ahalegin handiena egin duen eskualdeko herrialdea; Nazio Batuen Garapenerako Programaren (PNUD) Giza-Garapenerako iazko txostenaren arabera, giza-garapen altua duten herrialdeen taldean dago Kuba bere osasun eta hezkuntza adierazleak direla eta. Beste herrialdeekiko elkartasunari dagokionez, kopuruak ikusgarriak dira: Latinoamerikako Hego-Hego Lankidetza programen %45 aurrera daramatza Kubak eta aipatzeko da, bere mediku brigadek egiten duten lana. Batetik, ikusmen-arazoak zituzten hiru milioi lagun baino gehiagori ebakuntza egin diete doan. Bestetik, 23 herrialdeetako -AEBak barne- 4.000 ikasle ingururi medikuntza ikasteko bekak ematen dizkiete urtero. Eta munduko 5,8 pertsona alfabetatzen lagundu du Kubak.

Eduarno Galeno idazle uruguaitarra berriki izan zen Kuban eta blokeoaren milaka alderdietako batekin egin zuen topo. Galeanok kontatu zuenez, Habanatik webgun

e iparamerikar batera sartzerakoan, honako mezua agertu zitzaion: "Debekatutako herrialde batetik sartu nahi duzu". Idazlearen hitzetan, "Zein harro nagoen Kuba herrialde debekatu honen biztanleen herrikide izateaz. (...) Debekatua, kontraesanak eta zailtasunak izanik ere, gutxietsitako beste herrialde txiro eta txikientzat duintasun eredua izaten jarraitzen duelako.(...) Eta debekatua elkartasun adibide arriskutsua izan delako eta izaten jarraitzen duelako, nahiz eta Kubako bizi-baldintzak oso gogorrak izan. (...) Horregatik guztiagatik, orain nagoen herrialdea bezala nik ere debekatua izan nahi dut".

Eduardo Galeanok, horrela, Kubaren aurkako blokeoaren arrazoiarekin bete-betean asmatu zuen: Irlaren duintasuna, AEBetako inperalismoaren aurkako autodeterminazio eraginkorra desafiatzen du blokeoak. Eta Kubaren eredu arriskutsua zapaltzea xede duela zioen Noam Chomskyk. Inoiz ez bezala, eredu hori, agerian geratu da azken urteetan Latinoamerikan emandako aldaketa politikoekin. Sozialismoaren alde egin eta berdintasunean eta giza-justizian oinarritutako  gizartea eraiki zuen herri baten eredua arriskutsua da. Egun, zailtasun handiak izan arren, proiektu politiko eta sozial hori zuzentzen, gaurkotzen eta hobetzen saiatzen ari da Kuba. Eta boteretsuei desafio berria bota die: adibide nagusienetakoa da munduan parte hartze demokratikoari dagokionean. Gobernu batzuek hiritarrei galdetu barik, doitze neurri-sortak ontzat eman dituzte. Kubako aldaketa ekonomikoak, berriz, ehunka mila batzordetan eztabaidatu eta adostu dituzte. Kubak 11,2 milioi biztanle ditu eta batzorde horietan bederatzi mila lagun inguruk parte hartu dute.

Hori guztiagatik, blokeoa ezarri zenetik 50 urte igaro direnean, eta Kubaren aurkako  presioak, erasoak eta informazio manipulazioa etengabea denean, Euskal Herritik gure babesa eta baldintza gabeko elkartasuna ematen diogu Kubako herriari. Kubaren, bere herritarren eta Iraultzaren alde gaudelako.

Euskal Herria, 2012ko otsailaren 1a

Euskadi-Cuba, Komite Internazionalistak, Askapena     

 
 
 
 
AIUR diseinu&diseño